Detailed description (English): Irailaren 16tik 22ra bitarte, Hondarribiko Udalak bat eginen du, aurten ere, Europako Mugikortasun Astearekin, Hondarribia gero eta iraunkorrago izan dadin lortzeko aurrerapausoak emanez.
Ekimen honen baitan, bizikletaren erabilera sustatzeko zenbait ekintza aurreikusten dira. Aurreko urteetan arrakasta izan duten zenbait jarduera errepikatuko dira aurten ere, eta parte hartzea sustatzeko eta profil ezberdinetako herritarrengana iristeko jarduera berritzaileak ere proposatuko dira.
HAUR ETA GAZTEENTZAKO GINKANA:
Haur eta gazteei zuzendutako ginkana izango da. Gehienbat eskolei zuzendua dago. Herrian zehar egingo da eta bertan helburua bizikleta batzuen piezak bilatu, muntatu eta beraiekin abilezia zirkuitu bat egitea izango da. Azken finean, joko bidez, bizikletaren ezagutza eta honen segurtasunerako atalak egoera onean mantentzeko oinarrizko abileziak garatzea bilatu nahi da. Ekintzak berak 2 orduko iraupena izango du.
• Ordua: Arratsaldeko 5etan
• Lekua: Alde zaharretik zehar. Ez da baimenik eskatu behar kaleak eta ixteko
BIZIKLETA MARTXA:
Hondarribiko herrian zehar. Bizikleta martxan nahi duen herritar orok parte hartzeko aukera izango du, eta batez ere, herriko eskoletako ikasleen parte-hartzea bilatuko da. Iraupena ordu bete ingurukoa izango da. Ondoren hamaiketakoa izango da eta parte hartzen dutenen artean, bizikleta bat zozketatuko da
• Ordua: 11:00
• Lekua: Aurreko urteetako ibilbide bera jarraituko da. San Pedro kaletik irten, eta Zuloaga kaletik, San Kristobal Plazako errotondaraino, han buelta emanda, Axular kalea hartu, Bidasoa pasealekutik, Matxin Artzu kaleraino(Bernat Etxepare kaletik). Matxin Artzu kalea osorik egin, baita Itsasargi kalea ere, eta Arrokako errotondan, bidegorria harrtu, eta bedegorritik segi, hondartzako errotondaraino. Han buelta eman, eta bidegorriari jarraituz, Butron pasealekuraino helduko da.
Bizikleta martxaren bukaera Butron pasealekuan izango da. Bertan hamaiketakoa prestatuko da, eta aldi berean trebetasun zirkuituan ibiltzeko aukera eta bizikleta elektrikoak probatzeko aukera egongo da. Horrela, jarduera honetan parte hartzen dutenek gainontzekoetan parte hartzeko aukera ere izango dute. Parte hartzea sustatzeko modua izango da.
TREBETASUN ZIRKUITOA:
Haur eta gazteentzako trebetasun zirkuitua. 10 posta izango ditu, bakoitzak zailtasun ezberdina izanik. Ekintza herriko plaza mugatu batean egingo da eta 3 orduko iraupena izango du.
• Eguna: Larunbata, irailak 19
• Ordua: 12:00
• Lekua: Butron pasealekua
Bizikleta martxa bukatzean emango zaio hasiera ekimen honi. Bizikleta elektrikoak probatzeko jarduerarekin batera egingo da.
BIZIKLETA ELEKTRIKOA PROBATZEA:
Helduei zuzendutako ekintza da. Hauek bizikleta elektrikoak probatzeko aukera izango dute, monitore batek lagunduta, herrian zehar dauden bidegorrietatik bueltaka. 3 orduz eskainiko da.
• Eguna: Larunbata, irailak 19
• Ordua: 12:00
• Lekua: Butron pasealekua
Bizikleta martxa bukatzean emango zaio hasiera ekimen honi. Trebetasun zirkuituarekin batera egingo da.
LASTERKETAK:
Haur eta gazteentzako patin eta patinete lasterketa: Herriko puntu batean 1.5 km-ko zirkuitu lau bat muntatuko da. Bertan haur eta gazteek patin eta patineteak erabiliz lasterketa bat egingo dute. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Ez da rankingik egongo, hau da, ez da podiumik muntatuko eta parte hartzaile guztiei sari bera emango zaie (motxila). Sari berezi bakarra mozorro hoberenen saria izango da (led argi bana).
Taldekako bizikleta lasterketak eta abilezia probak:
Toki berdinean adin guztietako herritarrak parte hartu ahal izango duten ekintza izango da. Edozein bizikleta erabili ahal izango da, betiere kaskoa eramanez.
Parte-hartzaile guztiak talde mistoetan banatuko dira. Era honetan, adin eta sexu guztietako herritarrak nahastuak egongo dira. Talde bakoitzak kolore bat izanik, honako jokoetan parte hartu ahal izango dute:
1. Dordoken lasterketa. Oinekin lurra ukitu gabe ea zein den azkena helmugara iristen.
2. Dordoken lasterketa pedalei eragin gabe. Oinekin lurra ikutu gabe eta pedalei eragin gabe ea zein den azkena helmugara iristen.
3. Inertzia lasterketa. Metro batzuetan inertzia hartu eta gero, ea zein iristen den urrunen.
4. Taldekako oreka proba. Taldeka jarriz, ea zein taldek lortzen duen denbora gehien lurra ukitu gabe iraun.
5. Zapatilak janzteko proba. Ea zein den lehena zapatila berreskuratzen, jartzen eta bere tokira iristen.
6. Gold sprint proba. Abiadurako lasterketak.
7. Abilezia erreleboak. Abilezia zirkuitu batean taldekako erreleboak.
Parte hartzaile guztientzako saria egongo da eta talde irabazlearentzak sari berezia; baratzako produktu ekologiko sorta, etab.
Hondarribiko lehen piñoi finko GOLD SPRINT-a eta abilezi ikuskizuna:
Ekintza honen helbururik behinena bestelako bizikleten existentzia ikusaraztea eta modu orokorrago batean bizikleta bera bere horretan ikusgarriago egitea izango litzateke. Piñoi finkodun bizikletak bereziki erakargarriak dira eta azken urte hauetan erabilerak gora egin du. Hiri barruko lasterketak ikuskizun aparta dira eta ikusle dezente erakarri ohi dute. Lasterketa eta piñoi finkoa batuta jende ugari erakarri dezakeen ekitaldia izango genuke. Kirola eta moda nahastuta. Jende gaztea bizikletara erakartzeko modua da.
1.- GOLD SPRINT: Butron pasealekuan binakako lasterketa eliminatorioak egingo dira. Mutil eta nesken podiuma egongo da eta horren arabera sariak ere (led argiak guztientzako, lehen hirurentzat baratzako produktu ekologiko sorta, lehen mutila eta neskarentzat fixie bizikletarentzako osagai bana, etab.).
2.- ABILEZI IKUSKIZUNA:
1. Dordoken lasterketa. Oinekin lurra ukitu gabe ea zein den azkena helmugara iristen.
2. Oreka proba. Ea zein lortzen duen denbora gehien lurra ukitu gabe iraun.
3. Abilezia zirkuitoa. Abilezia zirkuitu batean lasterketa.
• Eguna: Larunbata, irailak 19
• Ordua: Arratsaldez. 17:00-20:00. Aurreko muntaketarako 2 ordu beharko dira, eta desmontajerako ordubete. 3 lasterketa egingo dira: Patineteena (17:00), txirrindulena (18:00) eta fixiena (19:00)
• Lekua: Butron pasealekua
HONDARRIBIKO LEHEN KRONOIGOERA
Helburua herri barruan bizikleta ikusgarri egitea da. Lasterketa herrikoi baten aitzakian kale erdian ipintzea bizikletak eta herritarrei ondo pasatzeko aukera ematea.
Herriko malda ezagunen 1 (kasu honetan kale nagusia edo bestela San Kristobal Plazan hasi, Jabier Ugartetik segi, Santiago kalean gora Gipuzkoa plaza pasa eta bi ibilbideen kasuan ere Arma Plazan bukatu) bakarkako eta erlojuaren aurkako lasterketa egitea. Bitarteko gutxirekin lasterketa popularra egin liteke. Edozein motako bizikletekin parte hartzeko eta prestaketa, kirol maila, sexu eta adin guztietako jendeari irekia (16 urtetik gorakoak) eta festa giroa nagusitzekoa. Mozorrotuta azaltzea gomenda liteke aisialdiko ekintza dela adierazteko.
Mutil eta nesken podiuma egongo da eta horren arabera sariak ere (lehen hirurentzat baratzako produktu ekologiko sorta eta guztientzat motxila bana.)
• Eguna: Igandea, irailak 20
• Ordua: 12:00
• Lekua: Damarri Kalea eta Kale nagusia
GURPILARTEA ELAKARTAREKIN HITZARMENA
Gurpilartea elkartearen xedea, kalean utzitako bizikletei irteera bat ematea da, berriro martxan jarri eta garraio bide bezala erabil daitezen. Horretarako Hondarribiako udalarekin hitzarmen bat sinatuko dute, zeinetan udaltzainek jasotzen dituzten bizikletak jaso, konpondu eta bizi berri bat emango dieten, udalerriko edo eskualdeko bigarren eskuko merkatuetan salduz. Hitzarmen hau, 2015eko irailaren 17an goizeko 10etan sinatuko da.
Target group(s): Hondarribiko herritarrei zuzendutako kanpaina da orohar: haur gazte eta helduei zuzendutakoa. Hitzarmenak Hondarribiko herritarrez gain, eskualdekoei ere ekarriko dizkie onurak.
Objectives: - Bizikletaren erabilera sustatzea
- Bizikletaren erabilera normaltzea eta ikusgarri egitea
- Garraiobide jasangarriak ezagutzera ematea
- Atmosferako kutsadura murriztea motor gabeko ibilgailuen erabilera bultzatuz
- Hondakinak murriztea, kalean utzitako bizikletak berrerabiliz